XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ZER DIRA ERREGEAK? POLITIKA.

Alfontso Jakitunaren Partidak izeneko lege-kodean bildutako pasarte bat dakargu hona.

Agirian aztertzen dena, Erregeen izaera da: Erregea Jainkoaren ordezkaria denez, bera da Erreinuaren buru, eta, ondorioz, Erreinuko gizon guztiek zor dizkiote obedientzia eta zerbitzua, Jainkoak ezarri dizkion betebeharrak gauzatu ahal izateko.

Jainkoaren bikario dira erregeak, bakoitza bere Erreinuan, lurreko gauzei dagokienez, jendeak justizian eta egian edukitzeko guztien gain jarriak, Enperadorea bere Inperioan dagoen bezalaxe.

Bi modutara frogatzen da hau konplituki.

Lehenengoa izpirituala da, Profetek eta Santuek erakutsi zutena.

Eta horiei gure Jaunak eman zien gauzak ziur jakiteko eta aditzera emateko grazia.

Bigarrena naturaren araberakoa da, gauzak naturalki ezagutu zituzten gizon jakintsuek erakutsi zutena.

Eta Santuek esan zuten, ezen Erregea Jainkoaren ordez dagoela lurrean jarria justizia egikaritzeko eta nori bere eskubidea emateko.

Eta horregatik herriaren bihotz eta arima deitu zuten.

Zeren gizonaren bihotzean arima dagoen bezala, eta gorputza horren bidez bizi eta mantentzen den bezala, horrelaxe dago Erregeagan justizia, hauxe bait da Erregearen Jaurerriko herriaren bizitza eta mantenimendua.

Eta berebat, bihotza bakarra denez, eta beste gorputz-atal guztiek ere, gorputz bat egiteko, batasuna hortik hartzen dutenez, horrelaxe jasotzen dute Erreinuko guztiek ere, nahiz eta asko izan; zeren eta Erregea bakarra da, eta bakarra izatekoa bait da, horregatik behar dute denek bat izan Erregearekin, hura zerbitzeko eta laguntzeko egin behar dituen gauzetan.

Eta esan ere egin zuten, noski, jakintsuek, ezen Erregea zela Erreinuaren burua, eta nola burutik jaiotzen diren gorputz-atal guztiei eragiten dieten zentzumenak, horrelaxe behar dute Erregearengandik sortzen den mandatuaren arabera ibili eta harekin akordio bat egin, hura bait da Erreinuko guztien Jaun eta buru, hari obeditzeko eta Erreinua babestu eta gorde eta zabaltzeko: zeren hura da Erreinuaren arima eta buru eta haiek haren gorputz-atal (ALFONTSO JAKITUNA: Partidas).

Alfontso Jakituna (1221-1284) Toledon jaio zen, eta Sevillan hil.

Gaztela-Leon Erresumako erregea izan zen.

Erreinuaren antolamendu politikoan ez zuen parte handirik izan; baina Espainiako Historian ahaztu ezinezko kultur betekizuna izan zuen: bera izan zen, adibidez, gaztelaniazko prosaren sortzailea eta Histori zientziaren berritzailea.

Eta zientzietan eta zuzenbidean gidaritza gotorra izan zuen.